i

ERAKUSKETARIAREN ESKULIBURUA

1. Non eta noiz ospatuko da Expogrow?

Expogrow 2016 irailaren 16, 17 eta 18an ospatuko da Ficoban (Gipuzkoako erakustazokan). Helbidea: Iparralde hiribidea 43, 20302 Irun. www.ficoba.org

Expogrow SL da http://goo.gl/maps/l2ENA azokaren antolatzailea.

2. Ordutegia.

Irailaren 16a, ostirala:

B2B saioa (profesionalentzat soilik) 9:30-14:30

Ordutegi orokorra (publikoarentzat eta profesionalentzat):

  • Barnealdea (pabiloiak) 14:30-20:00
  • Kanpoaldea 11:00-04:00 (larunbat goizaldera arte)

Irailaren 17a, larunbata:

Ordutegi orokorra (publikoarentzat eta profesionalentzat):

  • Barnealdea (pabiloiak) 11:00-20:00
  • Kanpoaldea 11:00-04:00 (igande goizaldera arte)

Irailaren 18a, igandea:

Ordutegi orokorra (publikoarentzat eta profesionalentzat):

  • Barnealdea (pabiloiak) 11:00-20:00
  • Kanpoaldea 11:00-20:00
3. Stand-a kontratatzeko baldintzak.

Ezohiko egoera baten edota bere ardurapekoa ez den egoera baten ondorioz, azoka edozein momentutan bertan behera uzteko eskubidea du antolatzaileak. Hori gertatzen bada, partaidetza kontratua zuzenbide osoz indargabetuta geratuko da, eta egindako ordainketak itzuli egingo dira, erakusketariak berariaz eskatutakoa dela-eta antolatzaileak egindako gastuak izan ezik. Erakusketariak ezin izango du inolako kalteordainik eskatu arrazoi hori dela eta.

Erakusketariak modu honetan ordainduko du stand-aren alokairua: standaren proformako faktura jaso ondoren, zenbatekoaren % 50aren transferentzia egin beharko du Expogrow-en kontu korrontera, faktura jaso eta hamar egun igaro baino lehen. Beste % 50aren transferentzia 2016ko ekainaren 15a baino lehen egin beharko da.

2016ko ekainaren 15etik aurrera kontratatutako stand-ei dagokienez, jasotako proformako fakturaren % 100a ordaindu beharko da, faktura jaso eta hamar egun igaro baino lehen.

Stand-a muntatzeko orduan, erakusketariak ordainketaren bat egiteke badu, ezingo du muntaiarekin aurrera jarraitu, harik eta ordainketa egin arte.

Erakusketariak bere erreserba ezeztatu nahi balu, antolatzaileari jakinarazi beharko dio lehenbailehen, eta ezingo du ordura arte egindako ordainketak itzultzea erreklamatu.

Antolatzaileak erabateko gaitasuna izango du erakusketarien eskaerak onartu ala ezezteko, edo eskaera onartu ondoren, erakusketari jakin baten partaidetza ezeztatzeko. Eskaera onartzen ez badu, edo eskaera onartu ondoren, hori ezeztatzen badu, antolatzaileak erakusketariari itzuliko dio standa alokatzeko ordaindutako zenbatekoa.

Antolatzaileak ez du erantzukizunik izango erakusketariak edo haren ardurapeko pertsonek izan ditzaketen kalte materialen aurrean, baldin eta kalte horiek pertsona horien erruz edo axolagabetasunaren ondorioz gertatu badira, hain zuzen ere azokak irauten duen bitartean, stand-a muntatu eta desmuntatzean, materialak edo salgaiak azokaren esparruan edo edozein stand-etan garraiatzean ala mugitzean.

Antolatzailearen gomendioa da erakusketariek erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzea horrelako gorabeherei aurre egiteko.

4. Azokaren banaketa, stand-en mapa.

Erakustazokak 4 pabilioi ditu (A, B, C eta D) eta elkarren artean komunikatuta daude. Horrez gain, kanpoaldeko eremu bat ere badauka, C eta D pabilioietan dago eremu horretarako sarrera.

Stand-en numerazioa:

(Adibidez: A125)

1- Letra (A, B edo C)

Stand-a zein pabilioietan dagoen zehazten du

(A125)

2- Zenbaki bat (1 eta 4 bitartekoa)

Pabiloi barruan Stand-a zein lekutan kokatuta dagoen adierazten du.

Pabiloia 4 koadrantetan banatzen da, zehazki, honela:

  1. koadrantea: Goiko ezkerreko eremua
  2. koadrantea: Goiko eskuineko eremua
  3. koadrantea: Beheko ezkerreko eremua
  4. koadrantea: Beheko eskuineko eremua

(A125)

2- Bi zenbaki (01 eta 99 bitartekoa)

Stand-zenbakia adierazten du

(A125)

5. Sarrerak eta sarrera mugapenak

Sarreren salmenta (aldez aurretik/leihatilan):

Cannabisaren Azokarako egun baterako sarrera (ostiralerako edo larunbaterako): 12€/15€. Iganderako sarrera 10/13€

Cannabisaren Azokarako 2 eguneko sarrera, 20€/23€.

Cannabisaren Azokarako 3 eguneko sarrera, 25/28.

Sarreraren barne dago kanpoaldeko karpan egingo diren kontzertuetara joateko eskubidea.

Aurtengo edizioan, Cannabisaren Nazioarteko V. Forum Sozialerako sarrera doakoa izango da berriro ere.

Erabat debekatuta dago 18 urtetik beherakoentzat azokara sartzea, baita kanpoaldeko jardueretan parte hartzea ere.

6. B2B saioa (business to business)

Aurtengoan ere, Expogrow-ek B2B saio bat antolatu du, eta irailaren 16an (ostirala), erakusketarientzako eta profesionalentzako bakarrik irekiko ditu atea, hain zuzen ere 09:30ak eta 14:30ak bitarte. 14:30etatik aurrera, pabiloiak publikoarentzako ere irekiko dira.

2015ean erakusketarientzat eta profesionalentzat eskuragarri jarri zen lineako plataformak aktibo jarraitzen du. Bertan izena eman ondoren, beraien artean hitzorduak adostu eta horrela B2B saioa ahalik eta gehien aprobetxa dezakete.

Gogoan izan urte osoan zehar profesionalen arteko hartu-emanetarako ere erabil daitekeela plataforma hau.

7. Akreditazioak

Antolatzaileak barrutira sartzeko erakusketari edo muntatzaile baimenak banatuko dizkie enpresa erakusketariei: stand-ak berezko diseinua badu, irailaren 13tik  (asteartea ) aurrera barrutira sartzeko; eta stand-a modulu bidezkoa bada, irailaren 14tik (asteazkena) aurrera barrutian sartzeko, betiere erakusketari bakoitzak azoka hasi baino lehen bidalitako akreditatuen zerrendaren arabera. Baimen horiek 2016ko uztailaren 11tik aurrera eska ahal izango dira expogrow.net helbidean.

Enpresaren batek antolatzailearekin edo azokako barrutia kudeatzen duen enpresarekin, hau da, Ficobarekin zorrik badu, ez zaio erakusketari gisa barrutira aldez aurretik sartzeko baimenik emango. Ordaintzeke dauden zor guztiak aldez aurretik ordaindu beharko dira, edo bestela, Ficoban bertan, Erakusketarien Erregistrorako Mostradorean baimenak erretiratu baino lehen (harrerako mostradorean egongo da kokatuta, irailaren 13tik aurrera [asteartea]).

Aurten ere aparkalekua doakoa izango da eta EZ da erakusketarientzako soilik izango.

8. Stand-ak eta kontratatutako espazioa

Expogrow 2016 azokara erakusketari gisa joateko orduan, espazioa kontratatzeko bi modalitate daude:

  1. modalitatea: zorua + egitura modular estandarra. Modalitate honetan, erakusketariak bere produktuak erakusteko espazioa kontratatzen du, eta panel bidezko egitura bat, panel horiek horma gisa funtzionatuko dute, stand-en arteko muga gisa. Kontratu-modalitate horren barne daude 1100 watt-eko potentziako eta kontsumoko koadro elektrikoa, entxufe koadro bat, argiztapena eta standeko lurra estaltzeko moketa berdea.
  2. modalitatea, zorua bakarrik. Modalitate honetan, erakusketariak bere produktuak erakusteko okupatuko duen espazioa kontratatzen du soilik. Kontratu-modalitate horren barne daude 1100 watt-eko potentziako eta kontsumoko koadro elektrikoa eta entxufe-koadro bat.

Halaber, kokapenaren arabera, 4 stand-mota daude:

Irla motako stand-a: lau aldetatik irekita.

Muturreko stand-a: hiru aldetatik irekita.

Izkinako stand-a: bi aldetatik irekita.

Terraza stand-a: alde batetik irekita.

Kontratatutako modulu-sistema muntatzeko orduan, kontratatutako espazioaren 4 hormetatik 3 estalita egon beharko dira (bi horma stand-a izkinakoa bada, edo horma bat muturrekoa bada). Estandarra ez den bestelako muntaia nahi duen erakusketariak (esaterako, biltegidun stand bat), oinplanoaren plano bat bidali beharko du abuztuaren 23a baino lehen, bertan egin nahi dituen aldaketak adieraziz. Aldaketa horiek direla eta, aparteko kosturik badago, stand-a muntatu baino lehen ordaindu beharko da.

Zorua soilik modalitatea kontratatzen duten erakusketariek nahi duten diseinuko stand-a muntatu ahal izango dute, betiere gutxieneko kalitate estetikoa eta akaberen gutxieneko segurtasuna mantenduz. Diseinuko stand-ak dituzten erakusketariek beren stand-aren oinplanoaren eta altxaeraren eskalako plano bat aurkeztu beharko dute gutxienez, 2016ko abuztuaren 23a baino lehen.

Planoak antolatzaileari bidali beharko zaizkio zoila@expogrow.net helbidera.

Aurkeztutako planoetan koadro elektrikoa non jarri nahi den zehaztu beharko da (baita uraren hargunea ere, baldin eta horrelakorik behar bada). Hori zehazten ez bada, Ficobako instalatzaileen taldeak erabakiko du koadro elektrikoa non jarri.

Antolatzaileak behar bezala egiaztatuko du aurkeztutako planoek eta marrazkiek tokiko araudia betetzen dutela. Azokan ezingo da stand-ik muntatu antolatzailearen aldez aurretiko baimenik gabe.

Solairuarte bat duten stand-ek dagokion araudia bete beharko dute. Beraz, dagokion teknikari eskudunak idatzita egon beharko da aurkeztu beharreko proiektua, eta dagokion elkargo profesionalaren onespena jaso beharko du. Proiektuarekin batera, Gaitasun Tekniko Nahikoaren Aitorpena eta Exekuziorako Adostasunaren inprimakia aurkeztu beharko dira, EBko herrialde batek igorritako titulu akademiko teknikoduna duen arkitektu batek sinatuta biak. Dokumentu horiez gain, inprimakia sinatzen duen teknikariaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen kopia bat aurkeztuko da, baita haren Erantzukizun Zibileko aseguruaren polizaren kopia bat eta azken kuota ordaindu duela frogatzen duen ordainagiria ere.

Edozein arrazoi dela eta, erakusketariak ezin badu eskatutako dokumentazio teknikoa aurkeztu, Ficobari eska diezaioke dagokion teknikari eskudunak ziurtatze eta egokitasun ikuskapen lanak egitea. Horretarako, bere esku daukan dokumentazio tekniko garrantzitsu guztia aurkeztuko du, eta, horrez gain, bere stand-ean ikuskapenak egitea ahalbidetuko du. Ficobak izendatutako teknikariaren aburuz stand-a jendaurrean jartzeko beharrezkoak diren jarraibideak eta neurri zuzentzaileak bete beharko ditu erakusketariak.

Solairuartedun stand-en batek ez badu teknikari kualifikatu baten oniritzia/ikuskapenik, ezingo da ireki.

Solairuarteak muntatzearen/ziurtatzearen inguruan zalantzarik edukiz gero, jarri harremanetan antolatzailearekin.

Kontratatutako zoru azalerara mugatu beharko da erakusketariak erabilitako espazioa. Stand-aren perimetrotik kanpo ezingo da objekturik ezarri, hau da, igarobidean.

Debekatuta dago azoka barrutiko edo stand-eko hormak margotu edo bertan inolako materialik itsastea, Ficobak berariaz baimendutakoak izan ezik. Halaber, debekatuta dago hormak edo zoruak torlojutu, zulatu edo hondatzea. Edozein kalte sortzen bada, erakusketaria izango da erantzule.

Moketak edo bestelako elementuak finkatzeko, zinta itsasgarri bikoitza erabiliko da, edo bi aurpegiko zinta itsasgarria, kolore zuriko kotoizko euskarriarekin; kautxu naturaleko material itsasgarria kolore zuriko silikona-paperezko babesarekin, ezin hobea baita azoketan moketak finkatzeko (desmuntatzean ez du arrastorik uzten).

 

9. Zerbitzuak ematea

Expogrow SL-k zuzenean eskainiko ditu erakusketarientzako zerbitzu guztiak. Beraz, zerbitzuen eskaerei buruzko fakturak zuzenean igorriko ditu Expogrow SL-k.

Expogrow-ek altzari, azafata eta azoka egunetarako bestelako zerbitzuen katalogo bat jartzen du erakusketari guztientzako eskuragarri, www.expogrow.net webgunean deskarga daitekeena.

Inprimaki guztiak behar bezala bete eta aurkeztu beharko dira 2016ko abuztuaren 22a baino lehen.

% 30eko gainordaina aplikatuko zaie epez kanpo eskatutako zerbitzuei, lekuan bertan kontratatutakoei barne. Azken horiek momentuan ordaindu beharko dira (bai dirutan, bai kreditu txartel bidez), edo bestela transferentzia ordainagiria aurkeztuz.

Erakusketaria azokako pabiloira sartu aurretik ordaindu beharko dira zerbitzu guztiak. Ez da aldez aurretik ordaindu gabeko zerbitzurik emango.

Apaingarriren bat, esaterako pankarta edo banderola bat muntatu nahi duten erakusketariek, hori pabiloiko sabaian zintzilikatu behar bada, aldez aurretik horren berri eman beharko dute, eta dagokion materiala nahikoa denborarekin emango dute, behar bezala instala dezaten. Aldez aurretik nahikoa denborarekin abisatzen ez bada, gerta daiteke instalazio hori egiteko beharrezko makineriak maniobrak egiteko lekurik ez izatea dagoeneko muntatutako stand-en artean. Muntaia horien kostua erakusketarien kontura joango da.

10. Stand-ak muntatu eta desmuntatzea

Stand-en muntaia 2016ko irailaren 13an hasiko da (asteartean), goizeko 08:00etan diseinu stand-en kasuan eta irailaren 14an (asteazkena) diseinuzkoak edo modulu bidezkoak ez diren stand-en kasuan. Edonola ere, irailaren 15erako (osteguna) muntaia guztiak amaituta egon beharko dira, zehazki, 19:00ak baino lehen.

Ostiralean, 08:00 eta 09:30 bitarte, erakusketari akreditazioa duten pertsonei eskuz garraiatzeko moduko stand elementuak sartzen utziko zaie.

Erabat debekatuta dago azoka amaitu baino lehen stand-ak desmuntatzen hastea.

2016ko irailaren 19tik (astelehena) 2016ko irailaren 20ra (asteartea) desmuntatu ahal izango dira stand-ak, 08:00ak eta 20:00ak bitarteko ordutegian. Eskuz garraiatzen diren elementuak bakarrik (osagarriak, ordenagailuak, publizitate dokumentuak eta abar) erretiratu ahal izango dira irailaren 18an (igandea), 20:00etatik aurrera.

Stand-ak desmuntatzeko epea amaitu ondoren, pabiloiak garbituko dira, eta bertako hondakinak erretiratuko dira. Beraz, bertan utzitako materialak, hau da, oholek, katalogoek, oholtzek, liburuxkek eta abar ezertarako balio ez dutela joko da, eta horien jabearentzako baliorik ez dutela.

2016ko irailaren 21etik aurrera (asteazkena), stand-ean utzitako edozein objektu erretiratu eta botako du antolatzaileak, eta erakusketariari eskuragarri jarri zaizkion egitura zein instalazioetan kalterik badago, bera izango da erantzule.

Elektrizitate hornidura 2016ko irailaren 18an amaituko da, azoka amaitu bezain laster. Erakusketariak elektrizitatea behar du stand-a desmuntatzeko, enpresa antolatzaileari jakinarazi beharko dio.

Erakusketariek eta muntaiarako langileek konpromisoa hartzen dute beren kontratistek eta azpikontratistek laneko arriskuen prebentzioaren inguruko egungo legeria bete dezaten, hain zuzen ere beraiek edota kontratistek zein azpikontratistek egiten dituzten lanetan.

11. Salgaiak jaso eta erretiratzea.

Erakusketariren batek salgaiak bidali behar baditu, helbide honetara bidali beharko ditu:

Ficoba (Expogrow 2016)

Iparralde hiribidea, 43

20302 Irun (Gipuzkoa) Espainia

Tlf.: +34 943 66 77 88

Halaber, fardel guztiak honela etiketatu beharko dira: Azokaren izena, enpresaren izena, stand zenbakia, pabiloia eta fardel kopurua.

Salgaiak abuztuaren 29tik irailaren 14ra arte jaso ahal izango dira, 09:00ak eta 14:00ak bitarte. Salgaiak deskargatzeko makineriarik behar bada (fenwicka edo orga jasotzailea adibidez), ordu erdiko zatitan kobratuko da horien erabilera.

Salgaiak erretiratzeko orduan, fardel guztiak behar bezala identifikatuta egon beharko dira, eta garraiolariak informazio hau guztia eduki beharko du: zein enpresak eskatzen duen salgaiak erretiratzea, fardel kopurua eta zein pabiloitan dauden kokatuta, enpresaren pabiloia zein den, alegia. Salgaiak abuztuaren 19tik irailaren 26ra arte erretiratu ahal izango dira, 09:00ak eta 14:00ak bitarte. Irailaren 28tik aurrera, Ficobak biltegiratze-gastuak kobratu ahal izango ditu, eta salgaiak behin betiko erretiratu baino lehen ordaindu beharko dira gastu horiek. Beste 30 egun igaro ostean, Ficobak salgaiak bota ahal izango ditu.

12. Wi-fia

Wi-fi libre eta doakoa dauka erakustazokak, azokak irauten duen egunetan eskuragarri egongo dena. Erakusketariren batek Internet sarbide pribatu eta esklusiboa eduki nahi badu, antolatzaileari jakinarazi beharko dio, azoka hasi baino 10 egun lehenago gutxienez. Linea horren kostua erakusketariak ordaindu beharko du, aldez aurretik aurrekontua onartu eta instalazioa egin baino lehen.

13. Segurtasuna

Antolatzaileak eguneko 24 orduko segurtasun zerbitzu orokorra eskainiko du azokan. Hala ere, antolatzaileak ez du erantzukizunik izango instalazioetan edo jendaurrean jarritako objektuetan egon daitezkeen kalteen edo lapurreten aurrean. Erakusketariek izango dute beren stand-ak eta jendaurrean jarritako produktuak zaintzeko ardura, bai azokak irauten duen bitartean, bai stand-ak muntatu eta desmuntatzen diren bitartean. Erakusketariek izango dute baliodun artikuluen eta erraz lapur daitezkeen artikuluen segurtasuna bermatzeko ardura. Objektu horiek giltzapean gorde beharko dira gauetan.

14. Produktuen salmenta eta debekatutako produktuak

Ekonomiaren garapen eta Lehiakortasun Sailaren Gipuzkoako Ordezkaritzak adierazitakoari jarraiki, azoka egunetan zuzeneko salmenta egin nahi duten erakusketariek, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, dagokion lizentzia lortzeko:

*IFK/IFZren kopia. Atzerritarra bada, jatorrizko herrialdeak igorritako antzeko dokumentu ofiziala.

*Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren azken ordainagiria edo bestela JEZeko alta ziurtagiria. Bi agiriak azken 6 hilabetetan igorritakoak izan beharko dira.

*Salduko diren produktuen deskribapen laburra.

Dokumentazio hori 2016ko irailaren 11 baino lehen bidaliko da zoila@expogrow.net helbidera, behar bezala izapidetu dadin.

Janari eta jatetxe stand-ek ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharko.

Erabat debekatuta dago 2004ko urtarrilaren 28ko SCO/190/2004 AGINDUA izeneko Ministerio Aginduan zehaztutako substantzia toxiko edo ilegalak dituzten produktuak jendaurrean jarri, eskaini edota saltzea, ezta THC substantziadun landare bizirik, klonik, perretxikorik edo bestelako produkturik, ezta  Smartshop-produkturik ere.

Halaber, debekatuta dago azoka barruti barnean beirazko ontzietan datozen produktuak saldu edota oparitzea. Horren ordez, plastikozko ontziak edo antzekoak erabili beharko dira, ekitaldira joaten diren pertsonen osotasun fisikoa arriskuan ez jartzeko.

Arau hausterik badago, antolatzaileak eskubidea izango du dagozkion neurriak hartzeko (dagokion produktua erretiratzea, stand-a ixtea eta abar). Arau hauste horren ondorioz, Estatuko segurtasun indarrek esku hartu behar badute, antolatzaileak ez du inolako erantzukizunik izango.

15.Expogrow dirua

Expogrow 2016 edizioak berezko dirua izango du, eta diru hori erabili beharko da janari zein edari postuetan eta azokako merchandising ofiziala erosteko orduan. Diru hori erosteko, informazio puntuak ezarriko dira pabiloi bakoitzean, baita kanpoaldean ere, bertan Expogrow 2016 azokako merchandising ofiziala salduko baita.

16. Garbiketa

Antolatzaileak egingo du azokaren garbiketa orokorra, baita oinarrizko garbiketa ere (eremu komunen garbiketa, paperontziak hustutzea). Azoka-egunetan, jendaurreko ordutegia amaitu eta azoka ixten denean, stand ondoan utzitako zakar poltsak kargurik gabe erretiratuko dira. Erakusketarien ardura izango da egunero beren stand-a garbitzea. Hala ere, Zerbitzu Inprimakia betez, garbiketa zerbitzua kontratatzeko aukera ere badago.

17. Promozioko artikuluen erabilera

Debekatuta dago arrastoak uzten dituzten itsasgarriak erabiltzea, eta enpresa erakusketari/iragarleen kontura joango dira arrasto horiek kentzeko gastuak. Ezingo da publizitaterik jarri sarreran, eremu komunetan eta pasabideetan.

Erabat debekatuta dago pasabideetan salgai dauden artikuluak edo promozioko elementuak jartzea. Erakusketarien jabetzako objektu guztiak stand-aren perimetroaren barne gorde beharko dira.

18. Catering-a

Publikoarentzako eta profesionalentzako jatetxea dauka erakustazokak. Debekatuta dago stand-etan janaria eta edariak saltzea, Exprogrow-ek emandako berariazko baimena duten stand-etan izan ezik, horietan cannabisarekin zerikusia duten jaki zein edariak saldu ahal izango baitira.

19. Musika stand-etan

Debekatuta dago stand-etan musika jartzea, kanpoko stand-etan izan ezik. Debekatuta dago barruti barnealdean edozein pertsona fisiko edo juridikoren ohorea, intimitate pertsonala zein familia intimitatea eta irudia urratu dezaketen proiekziorik edo erreprodukziorik egitea.

20. Barrutian erretzea

Abenduaren 26ko 28/2005 Legeak xedatutakoaren arabera, erabat debekatuta dago azoka egunetan zehar barrutian erretzea. Debeku hori muntaia, azoka eta desmuntaia epeetan egongo da indarrean, bai bisitarientzat, bai erakusketarientzat. Kanpoaldean erre ahal izango da.

Erakusketariren batek barruti barnealdean erretzeko debekua betetzen ez badu, erakusketari sarrera kendu ahal izango zaio, eta Espainiako legeriak horrelako kasuetarako aurreikusitako zigor ekonomikoa jarriko zaio.

21. Ostatua

Expogrow 2016 azokako partaidetza errazteko, antolatzaileak erakusketarientzako ostatu tarifa bereziak hitzartu ditu Ibis Hotelarekin. Hotel hau erakustazokatik 3,7 kilometrora dago kokatuta, eta kanpoaldean aparkaleku pribatua dauka.

Erreserbak egiteko, jarri harremanetan Thaniarekin

+34 943 636 232

H3220-DM@accor.com

Erreferentzia: Expogrow.

IMPORTANTE

En el Manual del Expositor Expogrow 2016 encontrarás respuesta a muchas de las posibles dudas que puedan surgirte y entenderás el funcionamiento de Expogrow 2016. Por tanto, es importante que lo leas.
Si no tienes tiempo ahora, descárgatelo y léelo más tarde.

Descargar

Sponsor Principal / Main sponsor

Sponsors

 
Mills
Nekwo
Snail
 

Sponsor Actividades / Sponsor Activités / Sponsor Activities

Sponsor Festival de Música / Sponsor Festival de Musique / Sponsor Music Festival

Sponsor V Foro Cannabis / Sponsor V Forum du Chanvre / Sponsor V Cannabis Forum

Coorganizador V Foro Cannabis / Coorganisateur V Forum du Chanvre / Coorganizer V Cannabis Forum

Colaboradores / Collaborateurs / Collaborators